Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak eta Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak bat egingo dute bizimodu osasuntsuak sustatzeko

Álava - 14/04/2025

Minbiziaren prebentzioan aurrera egiteko sareak antolatzea funtsezkoa da. Hori dela-eta, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialak eta Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak gaur hitzarmena sinatu dute elkarlanean aritzeko. Hitzarmenak prebentzioa eta bizimodu osasuntsuak azpimarratzen ditu, horiek oinarrizkoak baitira, galbahe-lanekin eta ikerkuntzarekin batera, minbiziaren eragina murrizteko gure lurraldean.

2024an, 15.000 pertsonak jaso zuten minbiziaren diagnostikoa Euskadin, horietatik 2.200 Araban. Emakumeen eta gizonen artean intzidentzia handiena duen minbizia kolon eta ondesteko minbizia da. Intzidentzian hurrengoak prostatako eta bularreko minbizia dira. Generoaren arabera, prostatakoa da intzidentzia handiena duena gizonengan eta emakumeengan, berriz, bularrekoa. Azken 10 urteetan minbiziaren intzidentzia % 20 igo da.

“Bizi-ohiturak funtsezkoak dira. Tabakoak eragiten ditu tumoreen % 30 eta biriketako minbizi kasuen % 90. Bestalde, herritarren % 10ek obesitatea du Euskadin. Arrisku faktore hori erabakigarria da gibeleko, kolon eta ondesteko edo pankreako minbizietan, eta % 24k bizimodu sedentarioa du, endometrioko edo koloneko minbiziarekin lotura duelarik”, azaldu du Minbiziaren Aurka Araban Elkarteko Miren Bilbao presidenteak.

Bilbaoren ustez, Arabako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin sinatutako hitzarmena “oso urrats garrantzitsua da gure aliantzan, herritarrei informazioa helarazteko eta haientzako prestakuntza indartzeko aukera emango digulako. Izan ere, biziraupenaren % 70 denok bat eginez lortuko dugu”.

Arabako Farmazialarien Elkargoko presidenteak, Milagros López de Ocáriz andreak, honakoa azpimarratu du: “farmazialari komunitarioak profesional sanitarioak gara, eta, gure hurbiltasunari esker, paziente onkologikoari laguntzeaz gain, haren tratamenduari buruzko zalantzak argitzen ditugu, eta, gainera, funtsezko lana egiten dugu osasuna sustatzen eta gaixotasunak prebenitzen. Minbiziaren Aurkako elkartearekin egindako hitzarmenak farmazialariaren prestakuntza indartuko du arlo horretan, ohitura osasungarrien hedapena bultzatuko du herritarren artean, eta gaixotasun hori izanez gero, pazienteek eskura dituzten baliabideak ezagutu ditzaten lagunduko du ”.

Hitzarmenak bi elkarteen arteko lankidetza jasotzen du, Farmazialarien Elkargoak bizimodu osasungarria sustatu dezan gizartean, tabakoaren kontsumoa murrizteko eta elikadura osasuntsua bultzatzeko helburuarekin. Horretarako tabakoa erretzeari uzteko programak eta elikadura osasuntsuan hezteko jarduerak antolatuko dira.

Hitzarmen honi esker, farmaziek elkarteak ematen dituen zerbitzuei buruzko informazioa emango diete onkologia arloko laguntza behar duten erabiltzaileei, eta kanpainak zabaltzen eta informazioa banatzen lagunduko dute. Hala, QR kode bat instalatuko da farmazietan, eta kode horretatik elkartearen zerbitzuak eskuratu ahal izango dira.

Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak eta Arabako Farmazialarien Elkargoak hitzaldiak, solasaldiak, ikastaroak eta jardunaldiak antolatzen lagunduko dute, elkargokideen eta elkargoarekin lotura duten pertsonen artean bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko.

Minbiziaren Aurka Araban Elkartetak gogorarazi nahi du bizi-ohitura osasungarriekin % 40 murriztuko liratekeela minbizi-kasuak. Zabalganan dagoen elkarteak doako zerbitzuak eskaintzen dizkie minbizia duten pertsonei, haien senideei edo ingurukoei. Laguntza psikosoziala  eskaintzeaz gain, elkarteak tailer ugari antolatzen ditu: ohitura osasungarriak sustatzeko tailerrak (nutrizioa, ibilbide osasungarriak, martxa nordikoa...), tabakoa uzteari buruzko tailerrak, sedentarismoari aurre egiteko tailerrak, minbizia prebenitzeko dauden faktoreei buruzko tailerrak. Horiez guztiez gain, honako zerbitzuak eskaintzen ditu: Ariketa Fisiko Onkologikoko Unitatea; Pazienteen eta Familien Eskola (bertan  hainbat gai lantaldeetan jorratzen dituzte, hala nola, komunikazioa eta zaintza, ziurgabetasunaren kudeaketa, zaintzeko norbere buruaren zaintza, autoestimua...

Elkargoak azpimarratu du garrantzitsua dela farmazia komunitarioak horrelako ekimenetan parte hartzea; izan ere, herritarrengandik gertu dagoen osasun-establezimendua da, konfiantza sortzen du eta sendagaietan eta gaixotasunaren prebentzioan adituak diren eta ohitura osasungarriak aholkatzeko gai diren farmazia-profesionalak ditu. Horri dagokionez, gogorarazi du Araban 116 farmazia komunitario daudela, eta horietatik 37 Gasteiztik kanpo daudela. Horri esker, ekimen horiek landa-gunera ere iritsi daitezke.

 

 

 

 

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días