VIII. Vitoria-Gasteizko Minbiziaren Aurkako Martxa

Álava - 30/08/2022

Bueltan da Minbiziaren Aurkako Gasteizko Martxa, urriaren 9an, igandea. Zure zain gaude!

Minbiziaren aurkako Vitoria-Gasteizko Martxak beste edizio bat egingo du urriaren 9an, eta gaixotasun hori ikertzeko dirua biltzea izango du helburu. Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak antolatutako proba honetan parte hartu nahi dutenek 6 kilometroko ibilbidea egingo dute, Arka plazatik irten, Armentiaraino joan eta San Prudentzio kaleko helmugara itzuliko dira. Hasteko ordua 11:30ean jarri da eta izena emateko prezioa 8 €-koa da, oroitzapenezko kamiseta barne.

“Ekimen hau babestuz, Vital Fundazioak herritarrak gaixotasun honen inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatu nahi ditu eta ikerketarako dirua bildu. Martxa ez da lehiaketa izango, hortaz, lagundu nahi duen edonork har dezake parte, minbizia duten pazienteei eta haien familiei laguntza integrala emateko eta gaixotasun horren prebentzioan eta detekzio goiztiarrean eta ikerketan laguntzeko", nabarmendu du Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak.

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen izenean, Miren Bilbao elkarteko presidente berriak hitz egin du, eta ikerketaren beharra eta bizi-ohitura osasungarrien garrantzia azpimarratu ditu, arabar guztiak bertan parte hartzera animatuz. “Ikertu egin behar da minbizi mota guztietan ekitatea egon dadin. Funtsezkoa da biziraupen baxueneko minbizien ikerketari laguntza handiagoa ematea, hala nola pankreako, biriketako, hestegorriko eta gibeleko minbiziena” nabarmendu du. Helburua, 2030ean % 70eko biziraupena lortzea da. Era berean, Miren Bilbaok gogorarazi du minbizien % 40 saihestu daitezkeela bizi-ohitura osasungarriei jarraikiz.

Minbiziaren aurkako Arabako Elkarteak ikerketa-proiektuak babesten ditu, hala nola Carmen Berasain doktorearen taldeak azken urteotan garatutakoa. Prentsaurrekoan talde horretako ikertzaileetako batek hartu du parte, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroko María Arechederrak, eta nabarmendu duenez, "Vitoria-Gasteizen egindako martxetako diru-bilketa funtsezkoa izaten ari da gibeleko, behazun-bideetako eta pankrea-bideetako minbiziaren aurka borrokatzeko gure proiektuak garatzeko; biziraupen txikiko hiru tumore baitira".

Martxaren ondoren, ekitaldiek aurrera jarraituko dute Espainia Plazan, pintxopote solidarioa eta beste jarduera batzuen eskutik, hala nola Zumba eta Gbox klaseak.

Vitoria-Gasteizen egingo den Martxari beste batzuk gehituko zaizkio udazkenean lurraldeko beste herri batzuetan, hala nola Amurrion, Agurainen eta Oionen. 

Izena emateak

Izena emateak gaurtik urriaren 5era bitartean egin daitezke www.fundacionvital.eus webgunean edo aurrez aurre El Corte Ingleseko kirol-dendan, irailaren 12tik urriaren 7ra bitartean, merkataritza-ordutegian, eta urriaren 8an 10:00etatik 14:00etara. Plazak soberan egonez gero, azken orduan eman liteke izena irteeran bertan. Kamisetak eta oroitzapenezko poltsak leku berean emango dira urriaren 6an eta 7an, 10:00etatik 21:00etara eta urriaren 8an, 10:00etatik 14:00etara, NANa edo izena emate tiketa aurkeztuta.

Elkartea zenbakitan

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak 5.319 bazkide ditu, ikerketarako urteko ekarpenei eustea eta paziente eta senideentzako doako zerbitzuak mantentzeko aukera ahalbidetzen dutenak. Gainera, 200 boluntario inguru ditu, elkartearen motorra direnak eta etxeetan eta ospitaleetan prebentzio- eta laguntza-ekintzak egiteaz arduratzen direnak. Guztiek lortu zuten 2021ean 1.100 pertsona baino gehiago artatzea (aurreko urtean baino % 22,4 gehiago) baita psikologiako eta gizarte-laneko 3.517 saio egitea ere.

Elkarteak 20 milioi euro inbertitu zituen 2021ean ikerketan Estatu mailan eta, gaur egun, 525 ikerketa-proiektu daude garapen-prozesuan. Araban, 2021ean 150.000 euro inbertitu ziren, besteak beste, gibeleko minbizia ikertzeko María Arechederra doktorearen proiekturako.

Zure zain gaude!

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días