Minbiziaren Aurka Gipuzkoan minbiziaren aurrean bizi diren desberdintasunak agerian jarri nahi ditu

Guipúzcoa - 04/02/2022

Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna otsailaren 4an ospatzen da, eta, horren harira, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan "Berdinak?" izeneko kanpaina aurkeztu du. Kanpaina horren bidez, gaixotasun horren eraginpean dauden pertsonek bizi dituzten desberdintasunak erakusten dira.

Euskadin, urtero minbizia diagnostikatutako 2.527 pertsona etxean bakarrik bizi dira, eta bakardadea garrantzi handiko arazoa da, batez ere adinekoen artean. Gainera, egoera soziolaborala gaixotasunaren baldintzatzailea da. Izan ere, Euskadin lan-egoera arriskuan dauden pertsonen minbiziaren intzidentzia 1.239koa da: 319 pertsona langabezian daude, 614 autonomoak dira eta 306 bestelakoak.

 

“Batzen gaituzten loturak” itzuli da

Desberdintasun horiek gertutik ezagutzeko, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan urrian Bularreko Minbiziaren Aurkako Munduko Egunaren harira estreinatu zuen "Batzen gaituzten loturak" izeneko proiektuari heldu dio berriro. Minbiziak pairatzen duten eta lurraldeko eragile sozialen artean entzuteko guneak sortzea du helburu proiektuak. Oraingoan, Gipuzkoako hainbat herritako minbizia duten pertsonek eta osasun arloko profesionalek bildu dira.

Topaketan zehar, bi baieztapen jarri ziren mahai gainean, eta parte-hartzaileek horiei buruz hitz egin zuten. Lehenengoa honako hau izan zen: “Zure posta-kodeak zure kode genetikoak baino garrantzi handiagoa du minbiziaren aurreko desberdintasunari dagokionez”. Topaketaren lehen zati horretan, desberdintasunak adierazi ziren, hala nola urrutiko herrietatik ospitalerako dagoen distantzia.

Topaketan parte hartu zutenek adierazi zuten oso ondo dakitela herri guztietan ezinezkoa dela tratamendu berberak jasotzea, osasun-sistemarentzat ekonomikoki jasanezina izango litzatekeelako. Baina, horregatik, pazienteei eta senideei laguntzeko gizarte-sare bat sortu behar dela aipatu zen, eta, horrela, hainbat gaitan lagundu behar zitzaiela, hala nola kudeaketa burokratikoetan edo gaixotasunean behar duten bakoitzean. Edo, behar izanez gero, baita botikak gaixoen partez jasotzera joatea ere.

Bigarren baieztapenak honako hau zioen: “Zure kreditu-txartelak zure osasun-txartelak baino garrantzi handiagoa du minbiziaren aurreko desberdintasunari dagokionez”. Horren gainean, topaketan parte hartu zutenek gaixotasun horrek duen kostu handia islatu nahi izan zuten. Izan ere, pazienteek behar duten arreta integrala (fisioterapia, nutrizioa, etab.) ez dago estalita eta gastu handia suposatzen du beraientzat.

 

Minbiziaren Tour-a

Desberdintasun horiek probintzia osoan erakusteko eta Minbiziaren Aurkako Munduko Eguna dela eta, elkarteak tour bat antolatu du.

4 panelez osatutako erakusketa da, eta lehen aipatutako aurtengo kanpainaren mezua jorratzen da bertan. Panel horiek gaixoek minbiziaren aurrean bizi dituzten desberdintasunak erakusten dituzte, horietan txertatutako QR kode baten bidez ikus daitezkeen hiru bideoren bidez. Desberdintasun horiek paziente, osasun-langile eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-eko profesional baten bidez erakusten dira.

Gaur goizean Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Donostian duen egoitzan ikusi ahal izan da tour-a. Honako herri hauek bisitatuko ditu 09:30etik 13:00etara, eta errealitate hori gertutik ezagutu nahi duen edonork ikusi ahal izango du:

  • Astelehena, otsailak 7: Zarautz (Frontoi Txiki).
  • Asteartea, otsailak 8: Eibar (Untzaga plaza).
  • Asteazkena, otsailak 9: Tolosa (Kristalen plaza).
  • Osteguna, otsailak 10: Zumarraga (Zelai Arizti kanpoaldean).
  • Ostirala, otsailak 11: Irun (Ensanche plaza).

 

Nola laguntzen du Minbiziaren aurka Gipuzkoan desberdintasun horiek arintzen?

Minbiziaren Behatokiaren arabera, 14.666 gipuzkoarrek, bai pazienteek bai senideek, laguntza psikosoziala behar izan dezakete. 2021ean, 1.198 pertsona artatu ziren Minbiziaren Aurka Gipuzkoako departamentu psikosozialean, laguntza psikologikoko 6.606 saioren bidez eta 4.962 esku-hartze sozial eginez.

Elkarteak ortopediako materialaren 457 mailegu egin zituen, eta 36 pertsonak jaso zuten Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-ek Donostian duen harrera-pisu ostatua. Lehen aipatutako zerbitzuez gain, erretzeari uzteko terapiak, laneko bajak kudeatzeko laguntza eta minbiziaren ikerketa finantzatzen ditu Gipuzkoako elkarteak.

Elkarteak hainbat boluntariotza-profil ditu, eta horietan ere laguntzen dute minbizia izateagatik pairatzen duten desberdintasun horiek arintzen. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan hainbat boluntariotza mota daude, eta horien artean hauek daude: laguntza sostengua ospitaletan, etxetik kanpo oinarrizko kudeaketak egiteko laguntza edo bizilekuan laguntza eta sostengua, besteak beste.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan gogorarazi nahi du eskaintzen dituen zerbitzu eta arreta guztiak doakoak direla, bai pazienteentzat eta bai senideentzat. Gipuzkoa osoan 6 egoitza ditu: Irunen, Tolosan, Zarautzen, Zumarragan, Eibarren eta Azpeitian, baita Donostiako egoitza probintziala ere. Edozein pertsona joan daiteke informazioa jasotzera aipatutako edozein egoitzatara edo 943 45 77 22 telefonora deituz edo gipuzkoa@contrelcancer.es helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días