Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Donostiako kaleak berdez estali ditu berriro
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Donostiako kaleak bete ditu berriro VII. Gipuzkoa martxan ekimenarekin. Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, ekitaldia ezin izan zen aurrez aurre egin aurreko urtean, eta, horren ostean, elkarteak bere ohiko lasterketa eta martxa egin ditu berriro Gipuzkoako hiriburuko kaleetan zehar.
Guztira 800 lagunek baino gehiagok hartu dute parte ekimen solidario honetan. Horrela, zazpigarren urtez, Donostia berdez estali da berriro jardunaldi honen bidez. Bildutako diru guztia elkarteak pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitu ahal izateko izango da. Eguraldia ere solidarioa izan da, izan ere, hodeiak izan ditugu baina ez du euririk egin.
6 kilometroko lasterketak, aurten ohi baino kilometro bat gutxiago, hirian egiten ari diren lanek eragindako ibilbide aldaketaren ondorioz, 350 parte-hartzaile inguru izan ditu. “Running”-a ohikotasunez egiten dutenei zuzendutako proba atletikoa izan da jardunaldiari hasiera eman diona. 10:00etan hasi da eta ibilbidea Donostiako Konstituzio plazan hasi eta amaitu egin da.
Gizonezkoetan lehen hiru sailkatuak Iñaki Burgoy, Markel Arbulu eta Julen Gaztañaga izan dira, 19:47, 20:55 eta 21:47 denborekin. Emakumezkoetan, berriz, Itsaso Tolosa-k lortu du denborarik onena: 21:47. Ane Arrieta bigarren egin du, 23:23 denborarekin eta Izaskun Aizpiri 23:47 denborarekin. Elkarteko lehen bazkideak Xabi Intxauspe (20:57) eta Idoia Uruñuela (26:12) izan dira.
Bestalde, edizio bakoitzeko ohiko martxak berrikuntza bat izan du: aurten Nordic Walking modalitatean ere egiteko aukera egon da. Martxa herrikoi honek, herritar guztiei irekia dago eta 400 parte-hartzaile baino gehiago izan ditu.
Jarduera hau 12:00etan izan da, Alderdi Ederren hasi eta bukatuz, eta Bakearen usoan buelta eman du, guztira 3 kilometro eginez. Martxan Eneko Goia, Donostiako Alkatea eta Aitziber San Roman, Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria izan dira bertan.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan-etik, eskerrak eman nahi zaizkie ekitaldian parte-hartu duten guztiei, beraien elkartasuna adierazi dute eta. Beraien laguntzari esker, elkarteak minbizia duten pazienteei eta senideei doako zerbitzuak eta arreta eskaintzen jarraitu ahal izango du. Eskerrik asko ekimen honetan parte hartu nahi izan duten eta Minbiziaren aurka Gipuzkoan laguntzea erabaki duten guztiei, bai ekimenean parte hartuz bai lasterkariei animatzera hurbilduz.
Boluntarioei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, haiek gabe hau guztia ezinezkoa izango litzatekeelako. Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Bankoa ABANCA enpresa babesleari eta proiektu honetan parte hartu nahi izan duten kolaboratzaileei: Irizar, Hine, Ampo, Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren Fundazioa, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkartea, Super Amara, Gurutze Gorria, El Diario Vasco, Eureka Dance, Montai eta Solán de Cabras.
Jardunaldi honen bidez, berriro azpimarratu nahi izan dugu kirolaren eta elikadura osasungarriren bidez bizimodu osasungarria izatea funtsezkoa eta garrantzitsua dela minbiziaren aurkako prebentzioan.