Minbiziaren Aurka Araban elkarteak 10. Martxa “historiako marea berde handiena” izan dadila nahi du

- 09/09/2024

2023an 2.200 minbizi kasu berri diagnostikatu ziren Araban. Minbiziak jotakoen artean biziraupena egungo % 57tik % 70era handitzeko, funtsezkoa da gizarte osoaren baterako ekintza. Horrela baino ez da jarraituko ikerketa onkologikoa bultzatzen eta diagnostikoak nahiz tratamenduak hobetzen. Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartea antolatzen duen Martxari lagunduko dio Vital Fundazioak aurten ere. Aurten hamargarren edizioa beteko du eta urriaren 13an, igandea, egingo da.

Martxaren 10 urte hauek ospatzeko, edizio honek nobedadeak izango ditu, batez ere,  gaixotasunaren humanizazioaren beharraz sentsibilizatzeko, gaixoei eta haien familiei babesa emateko eta gaixotasuna ikertzeko dirua biltzeko.

Alde horretatik, Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak eta Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute urriaren 13an burutuko den ekimena.

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak eta Vital Fundazioak antolatu dute Martxa, Gasteizko Udalarekin eta El Corte Inglés-ekin batera. Kirol jarduera ludikoa da, ez lehiakorra, minbiziaren ikerketan lagundu nahi duten pertsona guztientzat irekia. Minbizia duten pazienteei eta haien familiei laguntza integrala ematea du helburu, baita gaixotasun horren prebentzioa eta detekzio goiztiarra ere. Martxa urriaren 13an, igandean, egingo da. 11:30ean abiatuko da, Arka plazatik, eta  6 kilometroko ibilbidea izango du Armentiarako joan-etorrian. Araban egingo den Minbiziaren Aurkako X. Martxak honako erakunde berri hauen babesletza ofiziala du: Vital Fundazioa, Gasteizko Udala eta El Corte Inglés. Aurten gainera, honako hauen laguntza ere izan du: Michelin Fundazioa, LEA, Mercedes-Benz, Aernnova, Vidrala, Just Drive, Garaje Moderno, Inprotop eta Cárnicas Conchi.

Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak, Miren Bilbaok, adierazi du: “minbiziak jotako pertsonen kasuan % 70eko biziraupena lortzea posible izan dadin, gizarte osoa inplikatu behar dugu, hau da, instituzioak, osasun-profesionalak, unibertsitateak, enpresak, ikertzaileak, kirol-klubak eta kultura- nahiz gizarte-erakundeak. Horregatik da hain garrantzitsua martxa hori babestea, ikerketan aurrera egiten jarraitzeko eta minbizia duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko”. Bilbaok azpimarratu duenez, “martxa hau historiako marea berde handiena bihurtzeko ilusioaz” egiten ari da lan elkartea.

Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak gure lurraldean egiten duen lana nabarmendu du, “lan egiteko modu eredugarria baita guretzat, kausa horren aldeko borrokan hainbeste eragile eta haien artean hain desberdinak diren eragileak lotzeko duen gaitasunagatik. Elkarteak erronka handia jarri du aurten: gaixotasunak jotako pertsonen % 70 bizirik irautea. Horretarako, herritarren artean bizimodu osasungarriak sustatzeaz gain, ikerketaren eta diagnostiko goiztiarraren aldeko apustua egin du. Vital Fundazioan bat gatoz ikerketa bultzatzeko beharrarekin, funtsezkoa baita borroka honetan. Gaixotasun hori eta beste gaixotasun batzuk zuzenean edo zeharka pairatzen dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko gakoa da”.

Behin proba amaituta, Plaza Barrian hainbat jarduera egingo dira, hala nola ohiko pintxopote solidarioa, Zumba eta Gbox eskolak eta, nobedadeen artean, haurrentzako zientzia tailerra eta adin guztientzako prebentzio tailerrak ditugu. Gainera, aurten, ikastetxeak martxan parte hartzera gonbidatu dira. Ikasle eta familia gehiago biltzea lortzen dutenak sarituko dira. Bestalde, enpresek ere beren langileak apuntatu ditzakete martxa honetan. Txirrindulari ohia eta minbizitik bizirik atera den Markel Irizar dugu martxaren aurtengo edizioko enbaxadorea.

Izena emateak urriaren 8ra arte egin daitezke, egun hori barne, enmarcha.contraelcancer.es  webgunean edo El Corte Ingléseko kirol dendan bertan, irailaren 23tik urriaren 11ra. Leku librerik geratzen bada, martxaren egunean bertan eman liteke izena irteera-puntuan. Prezioa 10 €-koa da 15 urtetik gorakoentzat eta 6 €-koa 14 urtetik beherakoentzat, eta bildutako guztia ikerketa-proiektuetara bideratuko da oso-osorik. Izena ematearekin datozen elastikoak eta oroigarri poltsak El Corte Ingléseko kirol dendan bertan banatuko dira urriaren 9, 10 eta 11n, 10:00etatik 21:00etara.

Elkartearen erronkak

Pertsona gehiagorengana iristea eta zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzea jarri du helburu elkarteak, hala nola, nutrizio indibidualizatua, urtea amaitu aurretik abian jarriko dena; fisioterapia, 2025erako aurreikusita dagoena; eta Pazienteen eta Senideen Eskolan tailer berriak garatzea. Halaber, gaixoari eta haren familiari, gaixotasunaren edozein fasetan, arreta integrala emateko lanean ari gara, osasun-, emozio-, lan-, gizarte- eta ekonomia-esparruetan. Horrekin batera, elkartearen erronka nagusia da 2030ean gaixoen biziraupena % 70eraino handitzea.

Minbiziaren aurkako elkartea Araban irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta haren ekintza-ildo nagusiak prebentzioa, laguntza eta ikerketa dira. Zabalganan dago (Arkupedun plaza, 1), eta minbizia diagnostikatu zaien pertsona guztiei eta haien senideei irekita dago. Zerbitzu guztiak doakoak dira, bazkidetuta egon beharrik gabe. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 900 100 036 telefonora edo idatzi alava@contraelcancer.es helbidera.

2023an 2.200 minbizi kasu berri diagnostikatu ziren Araban. Intzidentzia handiena kolon eta ondesteko minbiziak du, eta ondoren bularrekoak eta prostatakoak. Aurreikuspenen arabera, 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizia izango dute. Alderdi positiboa da biziraupena gero eta handiagoa dela. Horregatik, Minbiziaren Aurkako Elkarteak minbiziak jotako gaixoen artean % 70eko biziraupenera iristeko erronka du helburu. Horrenbestez, Minbiziaren Aurkako Martxa bezalako ekintzek garrantzi handia dute, ikerketa babesten jarraitzeko.

 

 

 

 

 

 

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días