‘Kerik Gabeko Guneak’ kanpaina handitu egin da Gasteizen Kerik Gabeko bi Gune berrirekin: Mendizorrotza eta Gamarra

Álava - 02/06/2023

Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Sailak Mendizorrotzako kirolgunea eta Gamarrako parkea Kerik Gabeko Gune bihurtuko ditu Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearekin elkarlanean.

“Mendizorrotza eta Gamarra Kerik Gabeko Gune” ekimenaren oinarria da Gasteizko herritarren prebentzioa eta sentsibilizazioa. Horren guztiaren helburua da tabakoaren kontsumoa prebenitzea edo kontsumitzen hasteko adina atzeratzea, tabakoarekiko esposizio pasiboa desagerraraztea (batez ere adingabeen eta pertsona zaurgarrien kasuan), osasungarriagoak diren hiri-inguruneak sortzen aurrera egitea, tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea eta zigarro-puntek ingurumenean eragiten duten kaltea ekiditea. Kanpaina horretarako, gainera, hiri osoko Udalaren euskarrietan eta sare sozialetan kokatuko diren kartel digitalak eta fisikoak erabiliko dira.

Bi gune berri horiek iaz mugatu zituztenei gehituko zaizkie: gizarte-etxeetako, autobus geltokiaren eta Udalaren San Martingo Bulego Teknikoetako inguruei. Izan ere, Udalak 2022an egin zuen bat Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Tabako Kerik Gabeko Euskadiko Sarearekin.

Minbiziaren Aurka Araban

Osasun Publikoko Zerbitzuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak kanpaina honekin bat egingo du bi kirolgune horietan in situ antolatutako esku-hartzeak eginez eta sare sozialetan hedatuz. Adikzioetan prestakuntza duten elkarteko boluntarioak joango dira egunotan, ekainaren 6tik Mendizorrotzan eta 8tik Gamarran, goizez eta arratsaldez, Gamarrako eta Mendizorrotzako erabiltzaileengana erretzearen arriskuen inguruko sentsibilizazio- eta prebentzio-lana egitera. Zehatzago esanda, sentsibilizaziorako lagungarriak diren eta mugatutako guneetan ez erretzearen gomendioa babesten duten informazioa eta liburuxkak eskainiko dituzte. Bestalde, uda osoan zehar, bi gune horietan, gai horri buruzko informazioa emango duen lokuzioa egongo da entzungai.

Minbiziaren Aurkako Elkarteak 2030erako kerik gabeko lehen belaunaldia lortzeko erronka ezarri dio bere buruari. Hau da, urte horretan 18 urte beko dituzten gazteak kerik gabeko lehen belaunaldia osatzeko helburua du. Horretarako, beharrezkoa da tabako-kerik gabeko espazio libreak ugaritzen joatea.

Kanpaina hau atzo (maiatzak 31) ospatutako Tabakorik Gabeko Mundu Egunarekin batera egin zen. Data hori baliatu nahi izan dute Gasteizko Udalak eta Minbiziaren Aurka Araban Elkarteak kerik gabeko guneak zabaltzen jarraitzeko eskatzeko. Izan ere, horri esker, “tabakoaren kontsumoa desnormalizatzen eta ez gaixotzeko eskubidea babesten” lagunduko litzateke.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días